Errumen
Errumen | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | reticulorumen (en) ruminant stomach (en) |
Konponenteak | tripakia |
Identifikadoreak | |
MeSH | A13.869.804 |
Terminologia anatomikoa |
Errumena[1] edo zaku handia animalia hausnarkariek urdailean duten lau konpartimentuetako bat da, handiena (besteak erretikulua, omasoa eta abomasoa izanik). Aurrealdetik hestegorriarekin eta erretikuluarekin komunikatzen du, eta animaliaren barrunbe abdominalaren ezker aldean kokatzen da.
Bere bolumena aldakorra da, animalien arabera: behiarena 200 litroetaraino irits daiteke, ardiarena askoz txikiagoa izanik (10 litro ingurukoa).
Hainbat zatitan banatzen da: atrioa, zaku dortsala, zaku bentrala eta isats-zaku itsuak (ikus irudia).
Belarra eta landareak jaterakoan, hausnarkariek elikagaia irensten dute, eta hau hestegorritik errumenera iristen da. Bertan, zelulosa digeritzeko gai diren bakterioak eta beste mikroorganismo batzuk daude. Elikagaien hartzidura burutzen da, eta baita (errotazio-mugimendu bati esker) janariaren birrinketa ere. Gero janaria erretikulura (zaku txikira) pasatzen da, ore bat bihurtuz. Hortik ahora bidaltzen da (berrahoratzea), berriz mastekatua izateko eta listua eransteko.
Hurrengo etapan (hausnarketaren ostean) janaria berriro irensten da eta omasora pasatzen du, urin gastrikoak jasoz; azkenik abomasora heltzen da, hortik hestera pasatuz.
Errumenean errotazio-mugimendu bat dago, elikagaiak txikitu eta birrintzen dituena. Elikagaiak 9-12 ordu bitartean egon ohi dira errumenean. Bertan tenperatura konstantea da, eta altua (39 °C); pH 6,5 ingurukoa eta ez dago oxigenorik. Baldintza horietan errumenean dauden mikrobio anaerobioek zelulosa degradatu eta elikagaien hartzidura burutzen dute.
Errumeneko fisiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat prozesu biokimiko gertatzen dira errumenean:
Landare-polimeroen degradazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenik zelulosa eta beste landare-polimeroen degradazioa (almidoi, pektina...) burutzen da mikrobio zelulolitiko anaerobioen aldetik (Fibrobacter, Ruminococcus...), glukosa eta beste monosakarido batzuk agertuz. Bigarren fase batean, monosakarido horien hartzidura gertatzen da, gantz-azido ugari agertuz (azido azetikoa, azido formikoa, azido butirikoa, azido laktikoa, azido sukzinikoa, azido propionikoa...) eta baita hidrogeno eta karbono dioxido gasak ere. Hartzidura horietan bakterio askok parte hartzen dute: Selenomonas-ek, Streptococcus batzuek, Bacteroides-ek, Lachnospira-k, Clostridium-ek... Kontuan hartu behar da errumenean bakterio asko daudela (1010-1011 zelula/errumeneko gramoko), 300 eta 400 espezie desberdinetakoak [2]
Hartzidura horietan agertzen diren gantz-azidoak errumenean xurgatu eta odolera pasatzen dira. Gero, oxidatu egiten dira eta energi-iturri oso garrantzitsu bihurtzen dira animaliarentzat (gantz-azidoen oxidazioak ATP ugari sortzen baitu)
Metano gasaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hartziduren ostean, sortutako CO2 eta H2 gasak arkeo batzuek erabiltzen dituzte metano gasa sortzeko (CH4), arnasketa anaerobio eginez:
- CO2 + 4 H2 → CH4 + 2H2O
Errumenean CH4 eta CO2 ugari pilatzen da (%65 CO2 eta %35 CH4) [2]. Gas horiek ahotik (korrokadak) eta gorotzen bidez askatzen dira. Metanoak eragin kaltegarria du ingurugiroan, berotegi-efektua areagotzen baitu.
Errumenean dauden arkeoak metanogeno deritzonak dira. Haien artean Methanobrevibacter, Methanomicrobium, Methanobacterium eta Methanococcus aipagarrienak dira.
Bakteriar-proteinaren sintesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errumeneko bakterio batzuek urea (CO(NH2)2) erabili eta proteina bihurtzen dute.
Hausnarkariek ez dute txizarekin urea osoa kanporatzen; zati bat errumenera iristen da eta bertako mikrobioek erabiltzen dute haien hazkunderako. Ondorioz, proteina mikrobiarra sortzen da, hesteetan xurgatzen dena proteina-iturri garrantzitsua izanik animaliarentzat.
Horregatik, hain zuzen ere, hausnarkariak gai dira proteina gutxiko dieta batekin bizitzeko, hainbat habitatetan (estepa, sabanetan...) gertatzen zaien bezala. Bakteria-proteina da haien aminoazido-iturri nagusia.
Bitaminen sintesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zelulosa digeritzeaz gain, gluzidoen hartzidura eta gantz-azidoen sorrera burutzeaz gain eta proteina-iturri izateaz gain, errumeneko bakterioek ere hausnarkariak behar dituen bitamina batzuk (B taldearenak eta K bitamina) ekoizten dituzte. Horrenbestez, animaliak bere dietan A, D eta E bitaminak besterik ez ditu behar.
Errumeneko beste mikrobio batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bakterio eta arkeoez gain, errumenean ere protozoo eta onddo ugari daude.
Protozooen artean ziliatuak dira nagusi. Gehienak anaerobioak dira, oso ohikoa ez dena eukariotoen artean. Funtsezko zeregina burutzen dute ere zelulosaren degradazioan, bakterioekin batera.
Onddoek, aldiz, lignina eta pektinaren degradazioan parte hartzen dute. Hauek ere anaerobioak dira. Neocalimastix da genero ezagunena.
Sukaldaritzan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errumena da tripaki izeneko plateraren osagaietako bat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Elhuyar Hiztegia
- ↑ a b Martinko J, Madigan M, Parker J Brock. Mikroorganismoen biologia EHUak euskaratua, 2007: 681-683