Meategi Injeniaritza Eskolako ikasle euskaldunek 1903an Athletic Club Sucursal de Madrid sortu zuten jadanik eratuta zegoen Bilboko Athletic Klubaren filiala izan zedin, hortik Sucursal izena. Txapelketa ofizialetan ezin zuten elkarrekin lehiatu, klub bera kontsideratzen baitziren.
Beren lehenengo kamiseta Bilboko Athleticen berdina zen noski, beraz Erdia zuria eta erdia urdina, izan ere Athleticek IngalaterrakoBlackburn Rovers taldearen uniformea erabiltzen baitzuen. Behin ordea Ingalaterrara kamiseta berrien bila joan eta Blackburnena ezin izan zuten erosi eta Southamptonen zuri-gorria ekarri zuten. Bilbokoek berehala hartu zuten jantzi berria, Madrildarrek kamiseta bai baina aurreko uniformearen praka urdinak mantentzea erabaki zuten beren jatorria gogorarazteko.
1921 urtean Athletic Club de Madrid bihurtu zen eta Bilboko Athleticetik banatu zen. 1923an Estadio Metropolitano de Madrid futbol zelaia inauguratu zuten partidu hartan Errealari 2-1 irabaziz. 1928an Liga hasterakoan bigarren mailan kokatua izan zen.
Gerra Zibilak taldea jokalari gabe eta diru arazo larriekin utzi zuen. Orduan Aviación Nacional taldearekin bat egitera bultzatu zuen eta 1939an Athletic Aviación Club sortu zen. Berehala etorri ziren lehen garaipenak 1940 eta 1941eko Ligak irabazi baitzituen.
1947an Club Atlético de Madrid izena hartu zuen eta hasierako armarria berreskuratu zuen. Helenio Herrea entrenatzaile zuela bi Liga berri irabazi zituen 1950 eta 1951ean.
60. hamarkadan hasi zuen bere "urrezko aroa", Nazioarte mailan garaipen handiak lortu zituelarik. 1961eko Europako Errekoparen eta 1974ko Kontinente arteko Futbol Koparen artean Espainiako 3 Liga eta 4 Kopa eskuratu baitzituen.
Ordutik aurrera maila ona eman izan du beti taldeak. Tarteka Kopa eta Ligak lortuz joan da eta gaur egun Espainiar estatuak Liga gehien dituen hirugarren taldea da eta Kopari dagokionez laugarrena.
1992ko kirolaren legearen ondorioz Club Atlético de Madrid S.A.D. sortu zen, akziodun nagusia Jesús Gil enpresagizona izan zelarik. Kirol aldetik emaitza bikainak lortu zituen 1995/96eko "dobletea" esate baterako, baina diru asuntoak zirela eta justiziarekin arazo handiak iritsi ziren Gil familiarentzako. Giro horretan 2000 urtean maila galdu zuen eta bi urte egin zituen bigarren mailan. "Infernuaren garaia" ezizena eman zitzaion garai honi.
Azken tituluak 2010ko hamarkadan iritsi dira; bina UEFA Kopa eta Europako Superkopa, eta aspaldiko partez Espainiako Liga bat irabazi ditu. 2013-14 denboraldia bereziki bikaina izan zen, Espainiako liga irabazteaz gain Txapeldunen Ligako bigarrena izan baitzen, finalean Real Madrilen aurka luzapenean galduta[1]. 2014-15 urtean ezin izan dio maila berari eutsi eta Ligan 3. gelditu da Bartzelona txapeldunarengandik 16 puntutara.
2015-16 denboraldian urte bikaina osatu du. Ligan azkenaurreko jardunaldirarte liderrarekin berdinduta egon zen eta hiru urtetan bigarren aldiz Txapeldunen Ligako finala jokatu zuen, berriz ere Real Madrilen aurka, baina oraingoan penalti jaurtiketetan esan zion agur tituluari. 2016-17 denboraldian ere Real Madrilen aurka jokatzea egokitu zitzaion, oraingoan finalerditan, eta berriz ere galtzaile atera zen. Ligan hirugarrena izan zen eta denboraldiaren amaieran Vicente Calderón estadioari agur esan zion, Athletic-en aurka jokatuko duen partidarekin. 2017-18 denboraldian Metropolitano estadioa estreinatu du eta Txapeldunen Ligan multzokako fasea pasa ez zuen arren Europa League irabazi zuen hirugarren aldiz bere historian. Ligan bigarrena izan zen 2018 eta 2019an eta 2021ean berriz ere txapeldun izatea lortu zuen.
Bilboko Athletic taldearen barnean egonik honen elastikoa erabili zuen, hasieran elastiko urdin eta zuria galtza beltzekin, eta ondoren gaur egun daukan janzkera, elastiko zuri-gorria eta galtza urdinak.