Airbag
Airbag-a autoetako segurtasun-gailua da, istripua gertatuz gero bidaiariak babesteko diseinatua. Airbagak bidaiarien segurtasunerako hobekuntza handitzat hartu ziren Estatu Batuetan lehenengoz erabiltzen hasi zirenean, 1977an, eta laurogeita hamarreko hamarraldian haien segurtasuna zalantzan jarri bazen ere, egun auto berri bakoitzean nahitaez jarri beharreko gailua da.
Airbag-a autoak talka eginez gero bidaiariak aginte mahaiaren, leihoen edo haizetakoaren kontrako kolpeetatik babesteko diseinatu zen. Nylonezko poltsa moduko bat da, eta bolantean, aginte-mahaian eta (auto batzuetan bederen) atzeko ateetan edo alboetan jartzen da. Autoak aurrez aurre eta indar handiz talka eginez gero 40 milisegundotan (0,04 segundo) puzten da poltsa. Sodio-oxidoak hasten du putzaldia eta nitrogenoak berehala betetzen du. Poltsa kolpearen ondoren husten da berehala. Poltsaren zabaltze-lastertasuna 320 kilometro ordukoa da.
Airbag-ak erabiltzen hasi zirenean, auto-industriak iragarri zuen heriotza arriskua %40 gutxituko zela auto istripuetan. Bi hamarraldi geroago ikusi da aurreikuspenak baikorregiak zirela. 1990 ondoko urteetan eztabaida handiak izan ziren eta zalantzan jarri zen airbaga, zauriak eta are heriotza ere eragin zuelako zenbait auto-istriputan. Airbagak hildako gehienak haurrak edo gazteak ziren. Haurrak aurreko eserlekuan arrisku handian ziren, airbagaren bat-bateko putzaldiaren kolpeak berak hil zitzakeelako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.