Baionako konstituzioa
Baionako konstituzioa edo Baionako estatutua (ofizialki, frantsesez, Acte Constitutionnel de l’Espagne) gutun aitortu bat izan zen, Josef Bonapartek 1808ko uztailaren 8an Baionan zin egin zuena, Espainiako monarkia bonapartistaren oinarrizko legea izan zedin. Konstituzioaren xedapen gehienak ez ziren gauzatu, Josef I.aren erregealdian Espainian etengabeko gerra izan zelako.
Baionako batzarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1808ko maiatzaren 5ean, Baionako abdikazioak gertatu ziren: Karlos IV.ak eta honen seme Fernando VII.ak uko egin zioten, hurrenez hurren, Espainiako tronuari. Horren ondotik, ekainaren 6an, Napoleonek Josef Bonaparte izendatu zuen Espainako errege.[1]
Napoleonek Espainiarekiko zekartzan egitasmoak aurrera eraman ahal izateko, dinastia aldaketaz gain, beharrezkoa zen konstituzio testu bat idaztea. Hori zela eta, Baionan espainiar handikien batzarra biltzeko agindua eman zion Murati. Batzarra 1808ko ekainaren 15-30 bitartean egin zen, antzinako estamentuen tradizioaren arabera; Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Ameriketako lurraldeetako ordezkariek ere parte hartu zuten.[2] Deitutako 150 handikietatik 75 bertaratu ziren.[3]
Euskal lurraldeetako Aldundietako eta kontsulatuetako ordezkariak honako hauek izan ziren: Ortuño Mª Aguirre del Corral, Montehermosoko markesa, Arabako Aldunditik; Juan José Maria Jandiola, Bizkaitik; José Mª Lardizabal, Gipuzkoatik; Luis Antonio Gaintza eta Miguel Escudero Nafarroa Garaitik; Gabriel Mª Orbegozo Bilboko Kontsulatutik, eta Francisco A. Echague Gipuzkoakotik. Calahorrako apezpikuaren izenean, Manuel Maria Upategi, Arrasateko bikarioa joan zen. Baionako Batzarreko idazkaria Mariano Luis Urkixo bilbotarra izan zen, Karlos IV.aren erregealdian Estatuko Idazkari izandakoa eta Josef I.aren monarkia berrian kargu bera izan zuena.
Konstituzioaren edukia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Napoleonek inposatu zuen konstituzioaren edukia, eta zenbait zuzenketa besterik ez zuen onartu. Frantses legedi berria zen testuaren iturria, elementu tradizional batzuen bertutez moderatua agertzen zelarik. Espainia oinordetza bidezko monarkia gisa antolatzen zuen. Senatua hiru estamentuz osaturik zegoen: nobleak, elizgizonak eta herria. Estatu Kontseiluak botere handiak zituen, hala nola, Zibil eta Zigor Kodeen aldaketak. Erlijio askatasuna, espainiarren eskariz, kendu zen testutik. Prentsa askatasuna aski mugaturik zegoen. Gizabanakoen eskubideei dagokienez, egoitzaren bortxaezintasuna, torturaren debekua, lekuz aldatzeko askatasuna eta herri karguetara iristeko berdintasuna izan zituen ekarpenik garrantzitsuenetako batzuk.[4]
Euskal ordezkariek foru lege eta erakundeen iraupena lortu nahi zuten eta Foru Konstituzioa deitzen zioten. Euskal probintziak Konstituzio berriaren alde jartzea lortzearren, honako hau zioen 144. atalean: "Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru bereziak lehenik Gorteetan aztertuko dira, probintzia horien eta nazioaren mesedetan onuragarriena iritziko zaiona erabakitzearren".
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/06/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Ribeton, Olivier, Ais, José Ramón. 1808. Baionako Abdikazioaren alde. Apaingarria eta delitua.. joseramonais.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
- ↑ Alli Aranguren, Juan Cruz. El marco histórico e institucional de la Constitución de Bayona.. RIEV Cuad., 4, 2009, 197-222, eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
- ↑ Dufour, Gérard. La Guerra de la Independencia. Historia 16, 1989, Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes, cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
- ↑ Peillen Karrikaburu, Txomin. Konstituzionalismoaren etorkia eta 1808. urteko Baionako Konstituzioa. Eleria. 18, 2009, eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) 1808ko Baionako Konstituzioaren testua, es.wikisource.org