Bittor Iturria
Bittor Iturria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Bittor Iturria |
Jaiotza | Basusarri, 1914ko urriaren 22a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Blain, 1944ko abuztuaren 25a (29 urte) |
Hobiratze lekua | Sara |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | pilotaria eta militarra |
Jasotako sariak | |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Frantziako Lurreko Armada |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Bittor Iturria Lerete (Basusarri, Lapurdi, 1914ko urriaren 22a - Blain, Loira Atlantikoa, 1944ko abuztuaren 25a) esku huskako pilotaria eta gudaria zen. Pilotari gisa, eskuin ona zuen, eta hainbat txapelketa irabazi zuen. Bigarren Mundu Gerran ere famatu zen, borrokaldietan erakutsi zituen adoreagatik eta granadak jaurtitzeko trebetasunarengatik.[1][2][3]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basusarriko Bordaberria baserrian jaioa, haurra zelarik familia Sarara aldatu zen, eta orduz geroztik Bittorrek baserrian eta frontoian egin zuen bizimodua, garaiko saratar mutil gehienek bezala. Pilotari ona izan zen, bai eta esku huskako txapelduna ere.
1934an Frantziako Armadarekin soldadutza egin eta gero, 1938an mobilizatu zuten lehen aldiz, eta 1939an berriz deitu zuten, 2ème Hussards (Husarren Bigarrena) delakora. Bigarren Mundu Gerra hasi orduko egin zuen bere lehen balentria, 1940ko maiatzaren 23an, granadak jaurtiz alemaniarren zazpi gudu orga txikituta. Dunkerqueko gibelatzean larriki zauritu zuten, eta Ingalaterrako ospitale batera sendatzera eraman zuten.
1940ko uztailean, Etxegoien komandanteak deitu zuen, sortu berria zen Frantzia Askearen jauskari unitatean sar zedin. Han ere Bittor Iturriak bere gaitasun fisikoak erakutsi zituen, batez ere granaden jaurtitzen. Bere unitatea Lehen Jauskari Konpainia bilakatu zelarik, 1941ko uztailean Ekialde Hurbilera bidali zuten, Erresuma Batuko Armadako Aire Zerbitzu Bereziko (SAS) indar bereziekin batera. 1943ko ekainean berriz Ingalaterran itzuli zen, eta instruktore izendatu zuten. 1944ko abuztuaren 3an Bretainiara bidali zuten, eta 25ean alemaniar metrailetek hil zuten. Gorpua Saran (Lapurdi) ehortzia izan zen.
Goragarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Askapenaren laguna (Compagnon de la Libération) - 1944ko abenduaren 29ko dekretuarekin
- Militar medaila
- 39/45 Gerra gurutzea
- Erresistentziaren medaila
- Military Cross (Britainia Handia)
Oroigarria Saran
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saran, Bittor Iturriaren oroimen harria dago. Harriaren gainean, Héros des Forces Françaises Libres (euskaraz Frantses Indar Askatuen heroia) eta Pilotari zintzo irakurtzen ahal da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) Catherine MARCHAND: «A la mémoire de Victor Iturria, pilotari saratar et héros de la guerre 1939-1945», La Semaine du Pays Basque, 2014-06-18.
- ↑ Joseba AURKENERENA: «Bittor Iturria, pilotari eta soldadu», Kazeta, 2014-11-11.
- ↑ (Gaztelaniaz) Aner GONDRA: «Granadas de sotamano», Deia, 2014-11-02.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Joseba Aurkenerena: Bittor iturria saratar pilotariaren patu beltza. Elinberri.eus
- (Frantsesez) «Victor Iturria», Ordre de la Libération, 2012-05-14.