Charles Cornwallis
Charles Cornwallis, I. Cornwallis markesa (Londres, 1738ko abenduaren 31a - Ghazipur, 1805eko urriaren 5a) britainiar jenerala izan zen.
Eton Collegen eta Cambridgeko Unibertsitatean hezi zen eta 1757an armadan sartu zen. Zazpi Urteko Gerran parte hartu zuen eta 1762an bere aita hil zenean Cornwallis markesa titulua jaso zuen oinordetzan. 1781ean bere armadak errenditu zizkien frantziar eta estatubatuarrei Yorktowngo guduan garaitua izan ondoren.
1786an gobernadore nagusi eta komandante buru izendatu zuten Indian. Han erreformak egin zituen Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainian eta lurraren gaineko zergetan.
1798an Lord teniente eta Irlandako komandante buru izendatu zuten. 1798ko Irlandako matxinadaren errepresioa eta 1800eko Britainia Handiko eta Irlandako Batasun Agiria gainbegiratu zituen.
1802an Amiensko Ituna sinatu zuen britainiarra izan zen, eta 1805ean Indiara bidali zuten berriro, eta han hil zen.