Famagusta
Famagusta Αμμόχωστος | |
---|---|
Zipreko hiria | |
Administrazioa | |
Onartu gabeko estatuak | Ipar Zipreko Turkiar Errepublika |
District of Northern Cyprus | Gazimağusa District |
Izen ofiziala | Grezieraz Αμμόχωστος Ammóchōstos, turkieraz Gazimağusa/Mağusa |
Jatorrizko izena | Αμμόχωστος |
Geografia | |
Koordenatuak | 35°07′N 33°57′E / 35.12°N 33.95°E |
Altuera | 21 m |
Demografia | |
Biztanleria | 40.920 (2011) |
Informazio gehigarria | |
Ordu eremua | UTC+03:00 |
Hiri senidetuak | Atenas, Korfu, Esmirna, Antalya, Patras, Struga (en) , Tekirdağ (en) , Latakia eta Nilüfer (en) |
gazimagusabelediyesi.org |
Famagusta[1] (grezieraz Αμμόχωστος Ammóchōstos, turkieraz Gazimağusa/Mağusa) Zipreko hiria da, ekialdeko itsasertzean kokatutakoa, antzina Arsinoe zegoen lekuan.
Kaiak sakonera handia duenez Erdi Aroan uharteko itsas-portu nagusia izan zen eta Ekialde Hurbilarekin merkataritza oparoa izan zuen. Bertatik sartzen ziren Zetaren Bidetik zetozen produktuak Europara. 1975eko otsailaren 13an Ipar Zipreko Turkiar Errepublika eratu zenetik bertan kokaturik dago Famagusta eta izen bereko barrutiaren hiriburua da.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorreran Arsinoe izena izan zuen[2]. Grezieraz Ammóchōstos deitzen da "hareatan ezkutatua" esan nahi du. Frantziarrek izena esateko zailtasunak zituztelako Famagouste esaten zuten eta hortik italieraz Famagosta izena sortu zen. Azkenik turkiarrek Mağusa deitu zioten. Turkieraz Gazimağusa ere esaten da, Gazi aurrizkiak "gerlaria" esan nahi du.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurrikara batek Salamina suntsitu zuenean K.a. 274. urtean sortu zen hiria. Ptolomeo II.a Filadelfoa izan zen fundatzailea eta "Arsinoe" arrebaren izena eman zion[3]. Estrabonek K.a. I. mendeko Geografia lanean "arrantzale herri" gisa deskribatu zuen[4]. Arabiarren inbasioen ondorioz Salamina berriz ebakuatu behar izan zenean itsas-portu bat eraiki zen Arsinoen.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elizbarruti-buru izan zen, Bizantziar Inperioaren garaian. 1191ean Rikardo Lehoi-Bihotzak hartu eta Zipreko Erresumako hiriburu bihurtu zuen. Urte berean Guy Lusignangoak hiri hau aukeratu zuen Jerusalemgo Erresumako eta Zipreko errege koroatua izateko. Lusignan Etxe frankoaren agintaldian erabat garatu zen herria. Itsas-portu natural egokiak eta hiria inguratzen zuten harresiek Mediterraneo ekialdeko hiri garrantzitsuenen artean kokatu zuten[5]. 1291. urtean Egiptoko mamelukoek Akre hiria eskuratu zutenean Famagustak hartu zituen errefuxiatu kristuak eta hiri txikia zena Kristau munduko hiri aberatsenetakoa bihurtu zen.
1372an genovarrek setiatu zuten Famagustako itsas-portua eta 1489an veneziarrek. Merkataritza oparoak merkatari eta itsasontzi jabeak aberastu egin zituen eta Famagusta luxuzko hiria bihurtu zen.Garai hartan hiri baten aberastasuna eliza kopuruarekin neurtzen zen eta famagusta "elizen barrutia" ezizenaz ezagutu zen. Gaur egun oraindik alde zaharrari "365 elizen hiria" esaten zaio, tradizioaren arabera urteko egun bakoitzerako eliza bat izateraino iritsi baitzen. Hiriaren erdigunea Lusignan jauregiak, katedralak, enparantzak eta itsas-portuak osatzen zuten.
Otomandar Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Veneziarren menpeko Zipren Famagusta hiria Mustafa Pashak gidatzen zituen turkiarren aurkako gotorleku nagusia zen 1570an. Hamahiru hilabetetan eutsi zion otomandarren bonbaketei baina 1571ean errenditu beharra izan zuen. Setioan zehar otomandarrek 50.000 gizon galdu zituzten, tartean Mustafa Pasharen semea[6]. Otomandarrek latindarrei pribilegio guztiak kendu eta hiritik kanporatu egin zituzten. Anatoliako familia turkiarrak etorri ziren Famagusta birpopulatzera eta merkatariek hegoaldera jo zuten, Larnaka hirira. Famagustak merkatalgune gisa zeukan garrantzia galdu zuen Larnakaren onurarako[7].
Hirian zeuden eraikin esanguratsuenak musulmanen interesetara aldatu ziren. Aipagarriena San Nikolas katedrala izan zen, Lala Mustafa Pasha meskita bihurtu zena. Inguruan bazarra, bainu publikoak, iturriak eta eskola teologikoak ezarri ziren.
Britainiarren aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1878. urtean britainiarrek Zipre eskuratu zuten eta Famagustaren itsas-portua haintzat hartuta Zipreko erdigune ekonomikoetako bat bihurtu zuten. Hiria modernizatu zuten, eraikinak bota eta berriak altxatuz. Itsas-portua handitu egin zuten eta 1904an trenbidea eraikitzen hasi ziren. Larnakan zuten portu garrantzitsuena baina Famagusta portu militar nagusia bihurtu zuten. Hiria harresietatik haratago zabaltzen hasi zen, Varosha aldean bereziki. Nekazal soroak kanpora atera ziren eta auzo erresidentzial berriak sortu ziren[8]. 1960. urterako Famagusta kostaldeko hiri modernoa zen[9].
Britainiarren agintaldian zehar biztanleen jatorria asko aldatu zen. 1881ean %60a kristau ortodoxoak ziren eta %40a musulmanak eta 1960rako musulmanek %17'5a osatzen zuten eta kristauek %70a[10]. Holokaustotik ihes egindako 50.000 judu ere baziren hirian, Palestinara joateko zain[9].
Independentzia eta Turkiarren inbasioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960an Ziprek independentzia lortu zuen. Famagusta turismogune garrantzitsua bihurtu zen orduan, Varosha auzoa bereziki. Ziprera zetozen turisten %31'5 hartzen zuen eta herrialdeko hotelen %45a zegoen bertan[11]. Nekazal eremuak urbanizatu egin ziren. Herrialdeko itsas-portu nagusia bihurtu zen, Zipreko esportazioen %42'7, inportazioen %48'6 eta bidaiarien %49 bertatik pasatzen ziren. 1974an 39.000 biztanle zituen baina udako hilabetetan 90.000-100.000 biztanletara iristen zen. Greziar zipretarrak 26.500 ziren, turkiar zipretarrak 8.500 eta gainerako etniek 4.000 osatzen zuten[12].
1974an Turkiak Zipre uhartearen iparraldea inbaditu zuen. Tankeek eta gerra-hegazkinek Famagusta bonbakatu zuten. Hiritarrak eta hainbat turista hil ziren[13]. Greziar zipretarrek hiritik alde egin zuten baina inguruan gelditu ziren, berriz itzuliko ziren esperantzaz. Ez zuten ordea itzultzeko baimenik izan.
Gaur egun Ipar Zipreko Turkiar Errepublika berrian kokaturik dago.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ipar Zipreko hiri garrantzitsuena da. Itsas-portu indartsua du eta Zipreko turkiarren eremuko inportazio esportazio kopuru handienak kudeatzen ditu[14]. Arrantzarako kaia ere badu baina azpiegitura eskasen erruz nahi besteko garrantzia ez duen jarduera da. Famagustak bi industrialde ditu, bata handia eta bestea txikia. Industria nekazal produktuetan zentraturik dago.
Turismoa ere jarduera aipagarria da. Alde batetik alde zaharrean dauden eraikin historikoek bidaiari ugari erakartzen dituzte eta bestetik hiriaren inguran hondartza ugari daude.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Famagustako nazioarteko arte eta kulturaren jaialdia ospatzen da urtero. Jaialdiak dirauen artean kontzertu, dantzaldi eta antzerki ugari izaten da hiriko kaleetan[15].
Turismoaren gorakadak eta Unibertsitateen presentziak Famagustako kaleko gaugiroa bultzatzen dute[16]. Asteazkenetan izaten da gaugirorik onena, eta udan ostiral eta larunbatetan. Hotel handienek kasinoak dituzte eta Salamis Road eremuan taberna ugari dago.
Famagustako Otelo gazteluan kokatzen da Shakespeareren Otelo antzezlana[17].
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zipreko kirol nagusia futbola da eta 1974 arte Zipreko lehen mailako taldeak zeuden Famagustan, Anorthosis (ordura arte 6 Liga eta 5 Kopa irabaziak zituena) eta Nea Salamis (2 Liga). Turkiarrek hiria eskuratu zutenean bi talde hauek Larnakan ezarri zuten beren egoitza. Gaur egun talde onena Mağusa Türk Gücü da eta Ipar Zipreko futbol ligan jokatzen du.
Boleibolak ere jarraitzaile ugari ditu Famagustan. DAÜ Sports Club eta Magem Sports Club dira talde onenak eta Mağusa Arena estadioan jokatzen dute[18].
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lala Mustafa Pasha meskita
- Otelo gaztelua
- Provveditorearen jauregia
- Famagustako harresiak
- Antzinako hiriak:
Herri eta hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiria | Herrialdea | Urtea |
---|---|---|
İzmir | Turkia | 1974 |
Korfu | Grezia | 1994 |
Patras | Grezia | 1994 |
Antalya | Turkia | 1997 |
Salamina | Grezia | 1998 |
Struga | Ipar Mazedonia | ? |
Atenas | Grezia | 2005 |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
- ↑ «The Princeton Encyclopedia of Classical Sites, ARSINOE Cyprus.» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ «Famagusta Municipality» web.archive.org 2015-09-24 (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ Gürkan, Muzaffer Haşmet. (2008). Kıbrıs'ın Sisli Tarihi (turkieraz). Galeri Kültür.
- ↑ (Ingelesez) Urban development and Transformation of Famagusta Throughout History- PhD Thesis. (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ Kinross, Patrick Balfour. (1979). The Ottoman centuries : the rise and fall of the Turkish empire. New York : Morrow ISBN 978-0-688-08093-8. (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ Gazioğlu, Ahmet C.. (1990). The Turks in Cyprus: A Province of the Ottoman Empire (1571-1878). London: K. Rustem & Brother, 149 or..
- ↑ «Story of a Town | Gazimağusa Belediyesi | Kıbrıs | Haberler | Festival | Projeler | Kültür ve Sanat» web.archive.org 2016-04-06 (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ a b (Ingelesez) Mirbagheri, Farid. (2009-10-01). Historical Dictionary of Cyprus. Scarecrow Press ISBN 978-0-8108-6298-2. (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ «PRIO» www.prio-cyprus-displacement.net (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ «Famagusta Municipality» web.archive.org 2013-05-01 (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ Mirbagheri, Farid. (2009). Historical Dictionary of Cyprus. Scarecrow Press, 63 or. ISBN 978-0810862982..
- ↑ O'Malley, Brendan; Craig, Ian. (2002). The Cyprus conspiracy : America, espionage and the Turkish invasion. London ; New York : I.B. Tauris ISBN 978-1-86064-439-9. (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
- ↑ Guide to Foreign Investors. TRNC State Planning Organization, 18-19 or..
- ↑ (Ingelesez) «Events in Famagusta (Gazimağusa), Cyprus» Lonely Planet (Noiz kontsultatua: 2020-10-02).
- ↑ (Ingelesez) Brown, Frances; Hall, Derek D.; Hall, Derek R.. (2000-08-31). Tourism in Peripheral Areas: Case Studies. Channel View Publications ISBN 978-1-873150-23-8. (Noiz kontsultatua: 2020-10-02).
- ↑ (Ingelesez) Kambas, Michele. (2015-06-17). «Shakespeare's 'Othello Tower,' victim of Cyprus's division, to reopen after facelift» Reuters (Noiz kontsultatua: 2020-10-02).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2012-04-25 (Noiz kontsultatua: 2020-10-02).