Edukira joan

Hale-Bopp kometa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hale-Bopp kometa
Behaketa
Magnitude absolutua4,8
Gorputz-gurasoaEguzkia
AurkitzaileaAlan Hale (en) Itzuli eta Thomas Bopp
Aurkikuntza-data1995eko uztailaren 23a
Orain duen posizioa ikusi
Orbitaren ezaugarriak
Apoapsis353,97623015997 AU
Periapsis0,89053766354779 AU
Ardatzerdi handia177,43338391176 AU
Eszentrikotasuna0,99498100276332
Orbita-periodoa863.279,50348703 egun
Batezbesteko anomalia3,8783863394232 °
Makurdura orbitala89,4 °
Goranzko nodoaren luzera282,47 °
Periapsiaren argumentua130,591 °
130,41466706592 °
Ezaugarri fisikoak
Diametroa60 km
Albedoa0,04

1997an kometa izugarri distiratsua igaro zen Eguzkiaren ondotik, C/1995 01 Hale-Bopp kometa hain zuzen ere. Behaketa-teknika modernoenak erabili zituzten astronomoek, eta aurkikuntza ugari egin zituzten kometen izaerari eta jatorriari buruz. XX. mendeko kometa distiratsuenetako bat da, hain zuzen ere, Hale-Bopp. Bi astronomo estatubatuarrek aurkitu zuten, aldi berean: Alan Hale eta Thomas Bopp (1949-2018), eta "C/1995 01 Hale-Bopp" izena eman zion Nazioarteko Astronomia Batasunak.

Kometa horrek ihes egin zien ordura arte ikertzaileen tresna ahaltsuei. Garai horretan egindako neurketen arabera, 7,15 unitate astronomikoetako distantziara zegoen. Bere distirari (10,5eko ikusmen magnitudean) eta osatzen duen egurats konplexuari esker, lente prismatiko soilekin ikus daiteke. Lehenengo ikerketen arabera, Oort kometa-erreserbatik dator, Eguzkitik 10.000 ua-ra dagoen erreserbatik hain zuzen. Ikerketa horien beraren arabera, ez da barruko eguzki-sistemara iristen den lehenengo aldia: bere orbita eliptikoa Eguzkitik 487 ua-ra dago, eta duela 4.000 urte igaro zen lehenengoz periheliotik. 1996an Jupitertik hurbil igaro zenean, bere orbitaren parametroak aldatu egin ziren: hurrengo perihelioa 2.400 urtean izango dela aurreikusten da.

Hale-Bopp kometaren tamainari dagokionez, zenbait azterketaren arabera, 40 eta 80 km bitarteko diametroa du. Halley kometa baino hirurogei aldiz handiagoa dela eta gainaldea hogei aldiz handiagoa duela adierazi dute ikerketek. Nukleoa luzea du, eguzki-sistemako tamaina horretako beste hainbat gorputzek bezala. Hale-Bopp aurkitu zenean, Eguzkitik 7 ua-ra zegoela hain zuzen, jadanik oso aktiboa zen. Kometa gehienak Eguzkitik 3 ua-ra bihurtzen dira aktibo, distantzia horretan nukleoaren gainaldearen tenperatura -73 °C-koa da, ura sublimatzen hasten den tenperatura hain zuzen. Baina 7 ua-ra nukleoaren tenperatura apala ez da nahikoa uraren sublimazioa eragiteko. Beraz, Hale-Bopp kometak Eguzkitik hain urrun zegoela horrenbesteko aktibitatea edukitzearen arrazoia bilatzeko molekula lurrunkorragoen sublimaziora jo behar da. CN erradikala izan zen identifikatu zen lehenengo molekula-mota, 1995ean. Erradikal horren sorgailu nagusia azido zianhidrikoa da (HCN); konposatu hori lehenengo aldiz Halley kometan aurkitu zen. Nahiz eta HCN ura baino lurrunkorragoa den, Hale-Bopp kometan neurtutako produkzio-maila ez zen nahikoa 7 ua-ko distantziara eguratsera halako hauts-kopuru handia botatzeko. Misterioa handik gutxira argitu zen, karbono monoxido ugari sortzen zuela aurkitu zenean: segundoko tona bat inguru, Halley kometan Eguzkitik ua batera zegoenean sortzen zuenaren antzeko kopurua alegia. Hale-Bopp kometa bere perihelioa baino urte eta erdi lehenago aurkitu izanari esker aztertu ahal izan zen kometaren aktibitatearen bilakaera Eguzkira hurbildu ahala eta distantzia desberdinetan. Kometen izotzaren sublimazio-aldiak ere ikusi ahal izan ziren azterketa horien bitartez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]