Herbehereetako Urrezko Aroa
Herbehereetako Urrezko Aroa (nederlanderaz: Gouden Eeuw [ˈɣʌu̯də(n) ˈeːu̯]) XVII. mendeari deritzo Herbehereetako historian. Garai hartan, Herbehereetako merkataritza, zientzia, armada eta artea handienetakoak ziren mundu osoan. Garai horretako lehendabiziko erdian, Hogeita Hamar Urteko Gerran (1648an bukatu zen) parte hartu zuten Herbehereek, eta garaile nagusietako bat izan ziren. Urrezko Aroak mendea bukatu arte iraun zuen, bake garaian ere, Herbehereetako Errepublikarekin.
Izan ere, Herbehereetako Zazpi Probintzia Batuen Errepublikaren boterea munduko itsasoetan barna zabaldu zen merkataritzari esker. Horren ondorioz, margolaritzaren loraldia izan zen. Esaterako, Urrezko Aroaren erdialdean, 1650 inguruan, 700 bat margolari ibiltzen ziren lanean Herbehereetan, eta 70.000 bat margolan egiten zituzten urtean. Halako produkzioak ez du parekorik artearen historian, ez Italiako Pizkundean, ez Frantzian Inpresionismoaren garaian.
Herbehereetako erlijio-askatasuna dela eta, beste nonbait erlijioagatik jazarrietako ugarik Herbeheretan hartu zuten babes, hor askatasuna eta lana baitzuten. Leidengo unibertsitateak sustatuta, humanitateen eta natur zientzien garapenagakin ere nabarmbendu zen herrialdea.
Laurogei Urteko Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Filipe II.ak kalbinismoa heresiatzat jo zuenean, Herbehereetako probintziak matxinatu ziren Gilen Orangekoa buru zutela. Brabante hartzen saiatu zirenean, Laurogei Urteko Gerra hasi zen, 1568an. 1579an, iparraldeko zazpi probintziak batu ziren, Utrecht-eko Batasuna eratzeko, eta 1581ean Herbehereetako Zazpi Probintzia Batuen Errepublika osatu zuten. Hegoaldeko probintzia katolikoek (egungo Belgika eta Luxenburgo, gutxi gorabehera), berriz, Espainiari lotuta jarraitu zuten.
Errepublikak Rhineko behealdeko nabigazioa kontrolatu zuen, eta horrek garapen ekonomiko handia ekarri zion. 1585ean, Espainiak Antwerp hartu zuen, ordura arte Herbehereetako hiri nagusia. Baina harrezkeroztik, ordea, protestante andanak hiria utzi zutenez eta Iparraldeko Itsasoko sarbidea itxita izanik hiri horretatik, Amsterdamek hartu zuen lehenago Antwerpek zuen tokia.
1608an bake negoziazioak hasi ziren eta 1609an 12 urteko menia ezarri zen.
Merkataritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herbehereetako ekonomiaren arrakastak Baltikoko merkataritza zuen oinarri. Hari esker lortu zuten probintzien merkatarien herri oparo bihurtzea, nahiz eta Espainiaren setioa pairatu. Haien itsasontziak txikiagoak eta azkarragoak ziren, eta marinel gutxiago behar ziren haietan.
1602an, Herbehereetako Ekialdeko Indietako Konpainia sortu zen (nederlanderaz, Verenigde Oostindische Compagnie edo VOC), lehenengo burtsa modernoa ezarri zuten akzioen bidez finantzatu zena. Munduko enpresarik handiena izan zen XVII. mendean. Gero eta handiagoa zen merkataritza finantzatu ahal izateko, Amsterdamgo Bankua eratu zen 1609an, benetako banku zentral baten aitzindaria, lehenbizikoa ez bazen.
Herbehereetako itsasontziek baleak harrapatzen zituzten Svalbard-en, espeziak salerosten zituzten Indian eta Indonesian eta koloniak sortzen zituzten Ameriketan (Nieuw Amsterdam New York-en aurrekoa da), Hegoafrikan eta Mendebaldeko Indietan. Gainera, Portugalgo kolonia batzuk konkistatu zituzten, batik bat Brasil iparraldean, Angolan, Indonesian eta Zeilanen. 1640an, Japonian salerosteko monopolioa lortu zuen Ekialdeko Indiako Konpainiak, Dejimako merkataritza-postuan.
Europako erresumen arteko merkataritza ere haien esku zegoen. Izan ere, ekialde-mendebaldeko eta iparralde-hegoaldeko ibilbideen erdian daude kokatuta, eta, Rhin ibaitik, Alemaniako zati handi batera ailegatzen ziren. Herbehereetako merkatariek ardoa eramaten zuten Frantziatik eta Portugaldik Itsaso Baltikora, eta bueltan garia eramaten zuten Mediterraneo aldeko herrialdeetara. 1680ko hamarkadan, Herbehereetako ia 1000 itsasontzi sartzen ziren Baltikora urtero.