Edukira joan

Saneamendu ekologiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ekosaneamendua fluxu diagrama batez irudikatua, tratamendua eta berrerabilpena

Saneamendu ekologikoa, ekosaneamendu ere esaten zaiona, saneamendu prozesu natural bat da, ur-baliabideen erabilera arrazionala eta giza gorotzen berzirkulazioa helburu duena. Hiru oinarrizko printzipio ditu prozesuak: kutsaduraren prebentzioa, gorotzen eta gernuen saneamendua eta aurretiaz tratatutako produktu seguruen erabilpena nekazaritzan. Diseinu eta erabilera egokiarekin, ekosaneamendu sistemek giza gorotzetatik eratorritako mantenugaiak eta ura lurzorura itzultzeko sistema higieniko eta seguruak sortu daitezke.

Ekosaneamenduaren definizioak hainbat eta hainbat izan ziren iraganean, 2012. urtean aditu suediarrek onarpen handia izan zuen bat proposatu arte: "Saneamendu ekologikoko sistemak, mantenugaien nekazal ekoizpenetaranzko berzirkulazio segurua eta baliabide ez berriztagarrien erabileraren gutxitzea dakarten sistemak dira. Saneamendu jasangarriko sistemak izateko potentziala daukate; alor tekniko, instituzional, sozial eta ekonomikoak eraginkortasunez kudeatzen badira".[1]

Ekosaneamendu kontzeptuaren erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekosaneamendu kontzeptua 1995. urtean erabili zuten lehendabiziko aldiz, eta lehen ekosaneamendu proiektua urte bat beranduago, 1996an, abiatu zuen Sudea gobernuz kanpoko erakundeak Etiopian. Biztanleria dentsitate oso handiko hiri batean egin zituzten lanak, bertako gernuekin, hain zuzen ere.

Giza gorotz eta hondakin urak baliabide potentzial bezala ikustea izan da ekosaneamendu kontzeptuak egin duen ekarpen handienetariko bat eta, horregatik, baliabideetan oinarritutako saneamendu ere esaten zaio.

Saneamendu jasangarri kontzeptuarekin alderaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekosaneamendua loturik dago saneamendu jasangarriaren osasunari, ingurumenari eta baliabideei loturiko alderdiei. Ekosaneamendua ez da, per se, saneamendu jasangarria, baina sistema hauek modu jasangarri batean aplika daitezke eta saneamendu jasangarriko sistema izateko potentzialtasun handia ager dezakete. Hala ere, ekosaneamendu sistemak ez-jasangarriak ere izan daitezke, esaterako, erabiltzaileen onarpen maila oso baxua badaukate edota sistemaren kostuak gehiegizkoak badira erabiltzaileen maila ekonomikorako.

Ikuspegi orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saneamendu ekologikoaren helburu nagusia saneamenduagatiko osasun-arriskuak ahalik eta gehien murriztea da, besteak beste, hondakin-urei eta zaborrari lotutakoak. Horrez gain, lurrazpiko eta gainazaleko uren kutsadura eragoztea eta hondakinetako mantenugai nahiz energiaren berrerabilpena ere badu helburutzat.

Baliabideak berreskuratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saneamendu ekologikoa definitzerako orduan "birziklapen jasangarria" aipatzean, alderdi kimiko, mikrobial eta higienearekin lotutakoei ere egiten zaie erreferentzia, giza gorotzak birziklatuz lorturiko produktuak agente patogeno eta konposatu kimiko arriskutsuetan aberatsak baitira. Beraz, baliabide ez-berriztagarrien erabilera murrizteaz hitz egitea, birziklapenaren bitartez lorturiko errekurtsoen irabazia gastua baino handiago bilakatzeaz hitz egitea da.

Ekosaneamendu kontzeptuak materia fluxuak ekologikoki eta ekonomikoki jasangarria den hondakin kudeaketa sistema baten zati bezala ikusten ditu, erabiltzaileen beharrak eta tokian-tokiko baldintzak erdigunean jarriz. Ez du saneamendu teknologia zehatz baten aldeko apustua egiten, hondakin kudeaketa filosofia bat proposatu baizik.

Ongarri bilakatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ekosaneamendu proposamenak, nekazal ekoizpenaren optimizazioa erdigunean edukirik (gorotzak ongarri moduan berrerabiltzea), eta beraz elikadura baldintzen hobekuntza bat proposatzen zuten saneamendu sistemaren hobekuntzarekin batera[2] sortu ziren. Hau da, gaixotasunen murrizketa bat lortzea proposatzen zuten haurren desnutrizio-tasak ere murriztuz.

Hainbat nekazal eremutan eginiko saiakera ezberdinek, tratatutako gorotzak ongarri bezala erabiltzeak onura esanguratsuak dituela frogatu dute, bereziki gernuen erabilerak. Esaterako, Zimbabwen gauzatu ziren saiakera batzuek giza gernuen erabilerak espinakak edo artoa bezalako hostodun landareetan zituen ondorio positiboak azaleratu zituzten.[3][4] Finlandian egin zen beste ikerketa batek berriz, gernu eta egurretik eratorritako errautsen erabilerak % 10 eta % 27 bitarteko biomasa-ekoizpen hazkuntza ekar zezakeela frogatu zuen.[5] Gernuak dituen nitrogeno, fosforo, potasio eta mikro-mantenugai balio altuak direla eta, zalantzan jarri ezin den baliagarritasuna dute nekazal aplikazioetan.

Fosforoaren berreskuratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekosaneamenduaren beste alor batzuk, etorkizunean aurre egin beharko zaion fosforo eskasiaren aurrean konponbideak sortu nahian dabiltza. Elementu kimiko hau oso garrantzitsua da landareen hazkuntzarako eta ondorioz ongarri ekoizpenerako, baina baliabide mineral mugatu bat da aldi berean. Egoera antzekoa da potasioaz hitz egiten dugunean. Egun, badira gernuen tratamenduko optimizazio ezberdinen bidez fosfato eskaera globalaren % 22 asetu ahalko litzatekeela dioten ekosaneamendutik eginiko hainbat proposamen.

Ekosaneamendu sistemek hainbat abantaila dituzte:

  • Giza gorotzetatik eratorritako patogenoak uraren zikloan (lurpeko eta gainazaleko urak) sartzea eragoztea.
  • Baliabideen kontserbazioa uraren kontsumoa murriztuz, ongarri mineralen ordezkapenaz eta ur kutsadura gutxituz.
  • Ongarri ekoizpenaren fosforoa moduko baliabide mineral ez berriztagarriekiko menpekotasuna murriztea.
  • Ongarri ekoizpeneko energia kontsumoa gutxitzea.

Ekosaneamenduak kritika ugari jaso ditu nekazaritzako aplikazioetan arreta gehiegi jartzeagatik eta saneamendu jasangarriari loturiko beste hainbat alderdi baztertzeagatik. Errealitatean ekosaneamendu sistemak ez-jasangarriak izan daitezke, esaterako, erabiltzaileen onarpen tasa baxuak badituzte edota erabiltzaileek bere gain har ditzaketenak baino kostu handiagoak badakartza berekin, proposamena finantziarioki ez-jasangarri bilakatuz.

Beste proposamen batzuk berriz, dogmatikoegiak eta ingurumen baliabideen babesean gehiegi zentratuak izanagatik kritikatu dituzte maiz. Osasun publikoaren babesa eta saneamenduaren merketzea albo batera uztea ez dute ongi ikusten askok eta askok. Adibidez, UDDTak, ekosaneamendu komun ere esaten zaienak, beste konketa mota asko gaino garestiagoak izan daitezke eraikitzerako orduan, baina epe luzera askoz mantenu-kostu txikiakoak dakartzate.

Tratamendu prozesu ezberdinetako patogenoen ezabapenari loturik, ekosaneamendu sistemen segurtasuna eztabaidagaia izaten da sarri sistema hauen aldekoen eta aurkakoen artean. Ala ere, MOEren Berrerabilpenerako Jarraibideek, beren hesi anizkoitzen kontzeptuarekin, garapen handia izan dute azken urteetan berrerabilpen segurua bermatzerako bidean. Garrantzitsua, ordea, ekosaneamendu sistemak eskala handiagoak hartu eta modu seguruan milioika pertsonen saneamendu beharrak asetzeko gai izango diren jakitea da. XXI. mende hasierako ekosaneamenduko aitzindarien jarrera itxaropentsua, saneamenduan aldaketak egiteak dakarren denborara luzearen onarpen batean bilakatu da azken urteetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. .
  2. «Closing the Loop - Resources • SuSanA» www.susana.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  3. «Ecological toilets - Resources • SuSanA» www.susana.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  4. «Trees as recyclers of nutrients present in human excreta - Resources • SuSanA» www.susana.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  5. (Ingelesez) Pradhan, Surendra K.; Holopainen, Jarmo K.; Weisell, Janne; Heinonen-Tanski, Helvi. (2010-02-10). «Human Urine and Wood Ash as Plant Nutrients for Red Beet ( Beta vulgaris ) Cultivation: Impacts on Yield Quality» Journal of Agricultural and Food Chemistry 58 (3): 2034–2039.  doi:10.1021/jf9029157. ISSN 0021-8561. (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]