Edukira joan

Tereo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tereo
Rubens: Tereo Itys semearen burua jasotzen, 1636-38.
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Formakhegaztia
Familia
AitaAres
AmaBistonis (en) Itzuli
Ezkontidea(k)Prokne
Seme-alabakItys (en) Itzuli


Greziako mitologian, Tereo (antzinako grezieraz: Τηρεύς) Traziako errege izan zen,[1][2] Aresen semea. Traziarren artean izen ohikoa zen Tereo.

Tereo ezkondu zen Prokne Atenasko printzesarekin, eta emaztearen ahizpa, Filomela, Traziara joan zitzaienean bisitan, istorio tragiko bat bilakatu zen, Ovidio poeta latindarraren Metamorfosiak lanean kontatu zuena. Euskaraz, Juan Mari Mendizabalek itzuli zuen Ipuin Ankerrak bilduman, Filomela eta Prokne izenburuarekin[3]. Xerezaderen Artxiboa literatur podcast-ean grabatu zuen halaber Ana Morales itzultzaileak[4].

Tereok Filomela bortxatu egin zuen, eta bortxatu ondoren, mihia moztu krimena sala ez zezan. Baina tapiz bat ehunduz Prokne ahizpari jakinarazi zion gertatua Filomelak, eta ahizpek mendekua egin zuten. Proknek eta Filomea Tereorekin zuen semea hil egin zuten, eta sukaldatu erregeari jaten emateko. Oturuntza antropofagikoa amaitzeko, jakin zezan Tereok zer gertatu zen, semearen burua zerbitzatu zioten plater batean.

Pertsonaiak txori bihurturik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tereok, amorruak erotuta, aizkora bat hartu eta ahizpak hil nahi izan zituen. Ihes egin zuten Filomelak eta Proknek basorantz, eta ihesi zihoazela laguntza eta barkamena eskatu zieten jainkoei, txori bihurtzeko, arren, ihes egiteko. "Filomela basoetako urretxindor bilakatu zen; Prokne, berriz, enara bihurtu eta bere jauregiko dorrean pausatu zen", dio Ovidiok[3]. Jainkoek, gainera, Tereo bortxatzailea ere txori bihurtu zuten, minik gehiago egin ez zezanː argi-oilar bihurtu zuten.

Hopliten kaskoko gandorra eta argi-oilarraren gandorra. Hopliten kaskoko gandorra eta argi-oilarraren gandorra.
Hopliten kaskoko gandorra eta argi-oilarraren gandorra.


Argi-oilarraren gandor ikusgarria izan liteke, beharbada, greziar gerlari hoplitek kaskoan zerabilten gandorraren inspirazioa[5]. Tereoren bortxaren adierazgarri, gerlariek etsaiari ikara eragiteko sinbolo bat izan daiteke.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Thucydides: Historia Peloponnesian Gerra 2:29
  2. Bibliotheca 3.14.8
  3. a b «Ipuin ankerrak, Herodoto - Ovidio» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-25).
  4. Blogak.eus. «FILOMELA ETA PROKNE, Ovidio» blogak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-25).
  5. 1946-, Warner, Marina,. Signs & wonders : essays on literature & culture. ISBN 9781409028833. PMC 945969752..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]