Zirilo eta Metodio
Zirilo eta Metodio santuak (grezieraz: Κύριλλος καὶ Μεθόδιος, antzinako eliza-eslavieraz: Кѷриллъ и Меѳодїи), Eslaviarren apostoluak deituak, IX. mendean Tesalonikan (Bizantziar Inperioa) sortutako bi anaia izan ziren, kristau misiolari bihurtu eta Moravia Handia eta Panonian fede kristaua zabaldu zutenak. Alfabeto glagolitikoa sortu zuten, eta Biblia eta liturgia liburu greziarrak itzuli zituzten antzinako eslavierara. 1980an Joan Paulo II.ak Europako zaindari izendatu zituen.
Erromako Elizak urtarrilaren 14an ospatzen du San Zirilo eta San Metodioren jaia. Eliza Ortodoxoak, berriz, maiatzaren 11n.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi anaiak Tesalonikak jaio ziren, Zirilo (jaiotza izenez Konstantino) 827–28an eta Metodio (jaiotza izenez Mikel) 815–20an. Zirilo Fozioren ikasle izan zen Konstantinoplan. Apaiztu ondoren, Bitiniako Olinpo mendiko (Asia Txikia) monasterio batera erretiratu ziren[1]. 860an khazaren artean isilmandatu bat egitera bidali zituzten, eta haien khanerria kristautu zuten. 862an, Ratislav I.ak gonbidaturik, Moravia Handian kristautasuna hedatzeari ekin zioten. Alfabeto glagolitikoa sortu eta Biblia zein liturgia liburuak eslavierara itzuli zituzten. Hori zela eta, Ratisbonako apezpikuak salatu egin zituen Erromako Aita Santuaren aurrean, eta Zirilok bertara joan behar izan zuen. Adrian II.a aita santuak Zirilo eta Metodioren alde eman zuen epaia, liturgian eslavieraren erabilpena onartuz[1].
Zirilo 869an hil zen, Erroman, eta Metodio 885ean, Moravia Handian.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/09/24 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b SS.Cyril and Methodius Carpatho-rusyn.org