Zirku (Antzinako Erroma)
Zirkua (latinez: circus), Antzinako Erroman, herri-jokoetarako prestatutako aire zabaleko esparrua zen[1]. Antzinako Greziako hipodromoaren antzekoa zen, bai forma aldetik, pista luze baten inguruan eraikitzen zelako, bai eta bere erabilpena berdina izan zelako: zaldizkoen lasterketak. Antzokiarekin eta anfiteatroekin batera, garai hartako ikuskizun gune nagusia zen. Bertan zaldi eta gurdi lasterketak jokatu (gladiadore borrokak anfiteatroetan egiten ziren) eta Inperioaren gertaera garrantzitsuak ospatzen ziren. Itsas guduak antzezteko zirkua urez betetzen zen.
Hiri garrantzitsu guztiek zuten circus bat.
Eraikinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziar hipodromoek ez zuten apenas egitura iraunkorrik izan, erromatar zirkua, ordea, eraikin monumentalak ziren.
Garai zaharrenetan, aire librean egiten ziren lasterketak, topografia aprobetxatuz. Pixkanaka, behin behineko egokitzapenak egiten hasi ziren, adibidez, egurrezko egiturak egiten. K.a. 174. uretan, errepublika garaian, Erromako Zirku Nagusiaren lehen egitura egonkorrak eraikitzearekin bat, erromatar zirkuaren egitura estandarra finkatzen hasten da.
Hasiera hasieratik oinplano laukizuzena du, eta alde bat zirkulu erdia da. Alde estu zuzenean, carceres delakoak zeuden. Beran egoten ziren gurdiak prest, lasterketa noiz hasiko zain. Harmailen artea, lur irabiatuaz osatutako pista bat zegoen, eta erdian, luzetarako ardatzean, horma behe bat (spina) gainean apaingarriak jartzeko: obeliskoak, estatuak, jainkoentzako tenplutxoak, iturriak, etab. Spinaren muturretan, metae-ak zeuden: forma biribila zuten egitura batzuk ziren, horien inguruan buelta ematen zuten gurdiek. Alde batean eta bestean harmailak zeuden (cavea), eta horietan, tarteka, eskaileretara eramaten zuten arteka edo korridoreak.[2]
-
A: harmailak, eserlekuak, B: enperadorearen tribuna (pulvinar), D: spina, E: metae-ak, H: carceres O: garaipenaren atea.
V. mendeko idazle latindarra izan zen Casiodororen iritziz, zirkuaren eraikin unibertsoaren metafora moduan uler zitekeen: pista lurra zen, spina-n zeuden o0beliskoak eguzkia eta ilargia, carceres-etako hamabi ateak, hamabi konstelazioak ziren, pistari eman behar zitzaizkion zazpi buletak, asteko egunak ziren, eta zazpi planeten orbitak, eta, azkenik, lasterketan parte hartzen zuten lau taldeek lau urtaroen ordezkariak ziren: zuria, negua; gorria, uda, berdea, udaberria eta urdina, udazkena.[2]
ludi circenses (zirkuko jokoak)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zirkuan gurdien lasterketak egiten ziren batez ere, baina beste emanaldi batzuk ere antola zitezkeen bertan. Erroma hiriko Zirku Nagusian, kasu, gladiatoreen arteko borrokak, zaldi lasterketak, venationeak (animalien ehizatzea), eta abar, ematen ziren. Baina ikusmin handiena pizten zutenak zalgurdien lasterketak ziren.[3][4]
Zalgurdien edo zehatzago esanda, koadrigen lasterketak factiones izena zuten elkarte pribatu batzuk antolatzen zituzten, ekiteak ziren pertsonai pribatuek osatuak. Elkarte hauek egoitza bat izaten zuten, bere zaldiak zaintzeko eta prestatzeko langileak, eta gidariak (auriga). Errepublika garaian, bi talde edo factiones besterik ez zeuden: zuria (factio albata) eta gorria (factio russata). Horrela esaten zitzaien kolore horietako tunikak janzten zituztelako. Inperioaren garaian, beste bi gehitu ziren: berdea (factio prasina) eta urdina (factio veneta). Berdearen aldekoak ziren aristokratak eta urdinaren aldekoak plebeioak. Talde bakoitzak koadriga bakarrarekin edo gehiagorekin parte hartu zezakeen. Gidariak (aurigak) esklaboak edo gizarte maila baxuko pertsonak izan ohi ziren, baina, inperioaren garaien, noble batzuk auriga aritu ziren, bai eta Neron enperadorea bera ere.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zirku Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Euskadi.net
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Carmen, Guiral Pelegrín; Zarzalejos Prieto, Mar; San Nicolás Pedraz, María Pilar. (2005). Arqueología II. Arqueología de Roma. UNED, 357-364 or. ISBN 8436206932..
- ↑ (Ingelesez) Cartwright, Mark. «Circus Maximus» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Muñoz Santos, Mª Engracia. (2022/04/11). «Las carreras de carros, el mayor espectáculo de Roma» Unidad de Cultura Cientifica y de la Innovacion. Cátedra de Divulgacion de la Ciencia. www.uv.es (Universitat de Valencia) (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).