James Prescott Joule
James Prescott Joule (Salford, 1818ko abenduaren 24a – Sale, 1889ko urriaren 11)[1] fisikari eta garagardogile ingeles bat izan zen.[2] Beroaren izaera aztertu eta lan mekanikoarekin zuen lotura aurkitu zuen (ikus Energia). Horrek energiaren kontserbazioaren teoria formulatzera eraman zuen, eta, teoria horretatik garatu zen termodinamikaren lehenengo legea; energiaren kontserbazio printzipioa formulatzera iritsi zen, Julius Robert von Mayer garaikidearekin loturarik gabe.[3] Nazioarteko Unitate Sisteman, energia unitatea joule deitzen da, beraren izena hartuta. William Thomson fisikari eta matematikariarekin lan egin zuen tenperatura eskala absolutua garatzeko —gas ez-perfektu batek hedatzerakoan dituen tenperatura aldaketak aztertu zituen—, magnetostrikzioari buruzko oharkizunak egin zituen, korronte baten erresistentziaren eta bero disipatuaren arteko erlazioa aurkitu zuen, eta bere izena daraman legea formulatu zuen, Joule efektua, korronte elektriko batek eragindako beroari buruzkoa.[3] Esperimentu ugari eginez, beroaren baliokide mekanikoaren zenbakizko balioa lortu zuen. Gasen teoria zinetikoa azaltzen lagundu zuen. «Ziur aski zientziaren aurrerapenari ekarpen nabarmen bat egin zion azken autodidakta» izan zen.[4]
Haurtzaroa eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]James Prescott Jouleren aita Benjamin Joule (1784-1858) izan zen, garagardo fabrika baten jabea; bera garagardo lantegiaren ondoko etxean jaio zen, Salforden (Manchester Handiko konderria, Erresuma Batua), 1818ko abenduaren 24an.[5]
Benjamin Joule garagardogile aberats bat zenez, James Prescott etxean hezi zuten 1834 arte. Orduan, bera eta Benjamin anaia handia Manchester Literary and Philosophical Society (Lit & Phil) ikastetxera bidali zituzten, John Daltonekin ikastera.[6] Bi urtez egin soilik zituzten aritmetika eta geometria ikasketak, Dalton istripu zerebrobaskular batengatik erretiratu behar izan zen arte. Tarte laburra izanagatik ere, Daltonek eragin handia izan zuen beragan; eta harekin batera, William Henry kimikariak eta Peter Ewart eta Eaton Hodgkinson ingeniariek. Geroago, John Daviesek hartu zuen Joule ikasle gisa. Joule liluratuta zegoen elektrizitatearekin; berak eta anaiak esperimentuak egiten zituzten, elkarri talka elektrikoak emanez, baita familiako morroiei ere.[7]
Joule garagardotegiko kudeatzaile lanetan hasi zen, eta paper aktiboa izan zuen negozioa 1854an saldu zen arte. Zientzia zaletasun huts bat zen berarentzat, baina laster hasi zen ikertzen garagardo lantegiko lurrun makinaren ordez motor elektriko bat ezartzeko aukera, orduan asmatu berria baitzen. Joulek gela bat zuen aitaren etxean, laborategi gisa erabiltzen zuena; han hasi zen lehen esperimentu elektriko eta magnetikoak egiten.[8] 1838. urtean, elektrizitateari buruzko lehen lan akademikoak argitaratu zituen William Sturgeon Davisen bazkideak sortu eta zuzendutako Annals of Electricity aldizkari zientifikoan. Jouleren legea aurkitu zuen 1840an,[9] eta Royal Society txunditzea espero zuen, baina ohartu zen ―eta ez zen azkenengo aldiz izango― hasiberriko arlotetzat zeukatela. Sturgeon Manchesterrera bizitzera joan zenean, 1840an, Joule eta bera bihurtu ziren hiriko intelektualen zirkulu baten erdigune. Biek uste zuten zientzia eta teologia integratu egin behar zirela. Joule irakasle izan zen Sturgeonen Royal Victoria Gallery of Practical Science ikastegian.[10]
Ikusi zuen lurrun makina batean libra bat ikatz erretzeak Groveren zelula batean (lehenengo bateria elektrikoetako batean)[11] eragiten duela bost bider kontsumo lana zink libra batekin alderatuta.[12] Jouleren lan unitate estandarra zen libra bat oin baten garaieran altxatzeko gaitasuna, oin-libra.[7][13]
Franz Aepinus matematikari eta fisikari alemanaren eragina jaso zuen Joulek, eta elektrizitate nahiz magnetismo fenomenoak azaltzen saiatu zen «bibrazio egoeran dagoen bero eter» batez inguratutako atomoen arauz.[7]
Dena dela, Jouleren interesa aldatu egin zen, hasieran interes finantzario hutsa baitzen ―iturri bakar batetik zenbat lan indar atera zitekeen jakitea―; berehala, ordea, energiaren bihurgarritasunaz espekulatzen hasi zen. 1843an bere esperimentuen emaitzak argitaratu zituen, non frogatzen baitzuen 1841ean zenbatutako berotze efektua eroalean beroa sortzearen ondorio zela, eta ez instalazioaren beste zati batera transmititzearen ondorio.[14] Hori teoria kalorikoaren aurkako zuzeneko erronka zen, teoriaz horrek aldezten baitzuen beroa ezin zela ez sortu ez suntsitu. Teoria kalorikoak beroaren zientziako pentsamendua menderatu zuen Antoine Lavoisierrek 1783an formulatu zuenetik. Lavoisierren ospeak eta Sadi Carnoten lurrun makinaren teoria kalorikoaren arrakasta praktikoak, 1824tik aurrera, asko zaildu zioten bidea Joule gazteari, esparru akademikotik eta ingeniaritzatik kanpo lan egiten zuenez. Teoria kalorikoaren aldezleek Peltier-Seebeck efektuaren simetria argudiatu zuten, baieztatzeko beroa eta korrontea bihurgarriak direla, gutxi gorabehera, prozesu itzulgarri baten bidez.[7]
1844ko ekainean, Jouleren aita Pendleburytik Whalley Rangera joan zen, eta han laborategi bat eraiki zuen semearentzat, etxetik gertu.[8] Joulek harreman estua izan zuen Manchester Literary and Philosophical Society ikastegiarekin. 1842ko urtarrilaren 25ean sozietateko kide bihurtu zen, 1844an liburuzain hautatu zuten, 1846an ohorezko idazkari, 1851 presidenteorde eta, azkenik, 1860an presidente, lehen aldiz.[8]
Beroaren baliokide mekanikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1845eko lan batean, Joulek hala idatzi zuen:
« | ...makina magnetoelektriko bat biratzean egiten den lan mekanikoa «bero bihurtzen» da, korronte induktiboak haren harilak igarotzean sortzen dena; eta, bestalde, motor magnetoelektrikoaren ahalmen motorra beroaren kontura lortzen da, lan eginarazten dion bateriaren erreakzio kimikoen ondorioz.[15] | » |
Pasarte horretan, Joulek vis viva (energia) esamoldearen hizkera hartu zuen, ziur asko Hodgkinsonek irakurria zuelako Ewarten «On the measure of moving force» Literary and Philosophical Society ikastegian, 1844ko apirilean.
Gerora egindako esperimentu eta neurrien bidez, Joulek kalkulatu zuen beroaren baliokide mekanikoa 838 oin-libra zela, ur libra baten tenperatura Fahrenheit gradu bat igoarazteko. Emaitzak British Association for the Advancement of Science erakundeko kimika sailean egindako mintegi batean jakinarazi zituen, Corken, 1843an egindako topaketa batean, baina isiltasun erabatekoa besterik ez zuen jaso.[16]
Joule ez zuen etsi, eta lana bero bihurtzearen froga mekaniko huts bat bilatzen hasi zen. Zilindro zulatu baten bidez ura bortxatuz, fluidoaren berotze biskoso arina neurtzeko gai izan zen. 770 oin-libra/BTUen baliokide mekanikoa lortu zuen (4,14 J/cal). Baliabide elektrikoz eta mekaniko hutsez lortutako balioak gutxienez magnitude ordena bati zegozkionez, Jouleren aburuz, lana bero bihurtzearen errealitatearen froga sinesgarria zen.
Joulek hirugarren bide bat ere probatu zuen. Gas bat konprimitzean egindako lanarekin sortutako beroa neurtu zuen. 823 oi-libraren baliokide mekanikoa lortu zuen (4,43 J/cal).[17] Alderdi askotatik begiratuta, esperimentu hori izan zen Jouleren kritikarien helburu errazena, baina Joulek aurrea hartu zion eragozpen askori, esperimentu adimendunen bidez. Zernahi gisaz, Royal Societyk bere lana errefusatu egin zuen eta Philosophical Magazine aldizkarian argitaratzera moldatu behar izan zuen. Lan horretan nabaria zen Carnoten eta Émile Clapeyronen arrazoibide kalorikoa baztertzen zuela, nahiz haren motibazio teologikoak ere nabariak ziren:
« | Nire ustez, teoria hori [...] ez dator bat filosofiaren printzipio onartuekin, ondorio honetara garamatzalako: vis viva suntsi daiteke aparatua gaizki konfiguratuta; beraz, Clapeyron jaunak hauxe dio: «Suaren tenperatura galdararena baino 1.000 °C eta 2.000 °C artean egonik, vis viva izugarri galtzen da beroa labetik galdarara doanean». Sinetsita nagoenez gauzak suntsitzeko ahalmena Sortzailearena baino ez dela, esaten dut [...] ezen, praktikan jartzean indarra deuseztatzea eskatzen duen teoria oro okerra dela nahitaez. | » |
1845ean, Joulek On the mechanical equivalent of heat lana irakurri zuen Cambridgeko British Association erakundearen bilkuran.[18] Lan horretan, bere esperimenturik ezagunena azaldu zuen: pisu bat erortzen utzi, haril bat ur isolatuko upel batean birarazteko, han neurtzeko tenperatura igoera. Zenbatespen mekaniko berria 819 oin-libra/BTU zen (4,41 J/cal).
1850ean, Joulek neurketa doitu bat argitaratu zuen, 772,692 oin-libra/BTU (4,159 J/cal), XX. mendean egingo ziren kalkuluetatik hurbilago.[19]
Harrera eta lehentasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jouleren lanekiko mundu akademikoak hasieran erakutsi zuen erresistentziaren arrazoia izan zen, hein handi batean, oso doitasun handiko neurketen mende jokatzen zuela. Joulek zioen tenperaturak 1/200 Fahrenheit graduko errore marjinarekin neurtzen ahal zituela. Halako magnitudeko doitasuna oso arraroa zen garai hartako fisika esperimentalean, baina haren kritikariek ziurrenik ez zituzten behar bezainbatean aintzat hartu, alde batetik, garagardogintzan zeukan esperientzia; eta, bestetik, teknologia praktikoetan zeukan eskarmentua.[20] Zernahi gisaz, John Benjamin Dancer tresna zientifikoen fabrikatzailearen laguntza jaso zuen.[21]
Hori hala izanik ere, Hermann von Helmholtz fisikari eta fisiologo alemanak Jouleren lana irakurri zuenetan, ohartu zen bazela Julius Robert von Mayer fisikariak 1842an argitaratutako antzeko lan bat.[22] Ordura arte bi ikerlari horiek baztertuak izan ziren arren, Helmholtzek 1847an energiaren kontserbazioaz egindako behin betiko baieztapenak sinesgarritasuna ematen zien biei.[23]
1847an baita ere, Joulek British Association elkartean Oxforden egindako erakusketa batean egon ziren, besteak beste, George Gabriel Stokes, Michael Faraday, eta William Thomson goiztiar eta independente bat, gerora Lord Kelvin izango zena, eta Glasgowko Unibertsitatean filosofia naturaleko katedra lortu berri zuena. Stokesek azaldu zuen «Joulezale izatera lerratu» zela eta Faraday txundituta gelditu zen, zalantzak zituen arren; Thomson erdi bana jakin-minez eta eszeptizismo apur batez.[24]
Urte hartan, Thomson eta Joule ezustean topatu ziren Chamonixen. Izan ere, Amelia Grimesekin ezkondu zen Joule abuztuaren 18an, eta bikotea eztei bidaian abiatu zen hara. Ezkontza ospakizunak alde batera utzita, Joulek eta Thomsonek esperimentu bat egitea erabaki zuten egun batzuk geroago, Arpenazeko (Sallanches) ur jauziaren goiko eta beheko aldeen arteko tenperatura aldea neurtzeko, nahiz eta geroago hori ez zen oso praktikoa izan.[25]
Nahiz Thomsonek uste zuen Jouleren emaitzak azalpen teoriko batez jantzi behar zirela, Carnot eta Clapeyronen eskola biziki aldeztu zuen. Tenperatura absolutuari buruzko tratatuan (1848), Thomsonek idatzi zuen: «beroa (edo kalorikoa) efektu mekaniko bihurtzea ezinezkoa da ziurrenik, eta, egia esan, ez da oraingoz aurkitu»,[26] baina, aldi berean, oin-ohar batean zalantza sakonak erakusten zituen teoria kalorikoari buruz, Jouleren «aurkikuntza oso nabarmenak» aipatuz. Harrigarria bada ere, Thomsonek ez zion bidali Jouleri lanaren kopia bat, baina Joulek irakurri zuenean, Thomsoni idatzi zion, esanez bere azterketek frogatu zutela beroa lan bihurtzen zela, baina esperimentu gehiago prestatzen ari zela. Thomsonek erantzun zion esanez bera ere esperimentuak prestatzen ari zela eta bi teoriak adiskidetzea espero zuela.Thomsonek esperimentu gehiago egin ez zituen arren, hurrengo bi urteetan Carnoten teoriarekin erabateko etsipena hartu zuen, eta Jouleren teoriaren egiaz jabetu zen. 1852an argitaratutako lanean, Thomsonek ez zuen nahi konpromiso bat baino urrunago iristea, eta adierazi zuen «beroaren ahalmen motorraren teoria guztia bi proposamenetan oinarritzen zirela, batetik Joulerena, eta, bestetik, Carnot eta Clausiusena».[27][28]
Joulek lana irakurri bezain laster, bere iruzkin eta galderekin idatzi zion Thomsoni. Horrela hasi zen bi zientzialarien arteko lankidetza emankor bat, nahiz eta funtsean epistolarra izan zen; Joulek esperimentuak egiten zituen bitartean, Thomsonek emaitzak aztertu eta esperimentu berriak proposatzen zituen. Lankidetzak 1852tik 1856ra iraun zuen, eta aurkikuntzei esker Joule-Thomson efektua formulatu ahal izan zuten; argitaratutako emaitzek asko lagundu zuten Jouleren lanaren eta teoria zinetikoaren onarpen orokorrean.[29]
Teoria zinetikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinetika da mugimendua aztertzen duen zientzia.[30] Daltonen ikaslea izan zenez Joule, ez da harritzekoa teoria atomikoan sinesmen sendoa garatzea, nahiz eta bere garaiko zientzialari asko eszeptikoak ziren oraindik. Baita ere, zientzialari bakarrenetakoa izan zen John Herapathek gasen teoria zinetikoari buruz egindako lana aintzat hartzen. Era berean, Peter Ewartek 1813an argitaratutako On the measure of moving force lanak ere eragin handia izan zuen beraren ikuspegietan.[31]
Joulek argi hauteman zuen bere aurkikuntzen eta beroaren teoria zinetikoaren arteko harremana. Laborategiko noten arabera, uste zuen beroa mugimendu birakaria zela, ez translazionala.[32]
Joulek bere teorien aurrekariak aurkitu nahi izan zituen Francis Bacon, Isaac Newton, John Locke, Benjamin Thompson, Humphry Davy eta besteren lanetan. Hein batean arrazoia bazuen ere, Joulek beroaren baliokide mekanikoaren balioa 1.034 oin-libratan kalkulatu zuen, Thompson lanetatik abiatuta. Geroagoko zenbait adituk hori kritikatu izan dute, argudiatuz Thompsonen esperimentuek ez zutela adierazten neurri kuantitatibo sistematikorik. Bere ohar pertsonaletako batean, Joulek argudiatu zuen Mayerren neurria ez zela Thompsonena baino doituagoa, agian itxaropen apur batez, Mayerrek bere lanari aurrea ez ziola hartu.
Heriotza eta aitorpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joulek British Association erakundearen presidente izan behar zuen 1872an Bradforden egindako bileran, eta berriro ere 1887an Manchesterren egindakoan, baina bi kasuetan ezin izan zuen joan, osasun arazoengatik.[8] 1872tik aurrera, bere osasuna ahuldu egin zen, eta, handik eta hil arte, 1889ko urriaren 11n, lasai bizi izan zen etxean,[8][33] non esperimentuak egiten baitzituen osasunak uzten zion neurrian. Brooklands (Trafford, Manchester Handia) hilerrian lurperatu zuten.[34] Hilarriak «772,75» idazkuna du goiburuan, beroaren baliokide mekanikoaren azken neurketa (1878), eta Joanen Ebanjelioaren aipu bat: «Egun-argi den bitartean, bidali nauenaren egintzak bete behar ditut; badator gaua, eta orduan ezin izango du inork lanik egin» (Joan, 9:4).
Bere bizitzan zehar, eta bereziki azken urteetan, Ingalaterratik zein atzerritik jasotako aitorpen ugari jaso zituen. Joule Royal Society-ko kide hautatua izan zen (ingelesez, Fellow), 1850eko ekainaren 6an.[8] 1852an, Royal Society-ko kontseiluak errege domina eman zion Jouleri, bere ikerketa lanagatik;[35] 1860an,Copley Domina jaso zuen, bere esperimentuengatik, Edward Sabinen eskutik, zeinak hau adierazi zuen:
« | Ikerketa beragatik bi domina ematea oso prozedura arraroa da gure gizartean, eta arrazoiz. Oraingo honetan, kontseiluak ahalik eta modu enfatikoenean erakutsi nahi izan du bere iritzia berezia eta originala dela eta Joule jaunaren aurkikuntza oso baliagarria dela. | » |
Edward Sabine (1860)[8] |
Zenbait unibertsitatek honoris causa doktore titulua eman zioten; lehena, Dublingo Trinity College (1857) izan zen; gero, Oxfordeko Unibertsitatea (1860); eta, azkenik, Edinburgoko Unibertsitatea (1871).[8] 1878an, 200 liberako urteko pentsioa jaso zuen, zientziari emandako zerbitzuengatik, eta 1880an Galesko printze Eduardo VII.ak Royal Society of Arts erakunde akademikoak emandako Albert Medal eman zion.[8] Institution of Engineers and Shipbuilders in Scotland erakundearen ohorezko kide izan zen 1857tik aurrera.[36]
Jouleren bi erretratu daude olio pinturan egindakoak; bata, Manchester Literary and Philosophical Society erakundearen areto batean dago, George Pattenek margotua 1863an; bestea, Royal Society-ren jabetzakoa da, George Reynoldsek egina, 1882an. Reynoldsek berak Jouleren busto bat zizelkatu zuen, 1882an.[8]
Manchesterreko hirian zenbait aitorpen ditu; besteak beste, bere izena zuen liburutegi bat eduki zuen Manchesterreko Unibertsitateak 2002ra arte,[37] zientzia, teknologia eta ingeniaritzako obretan espezializatua. Baita ere, Alfred Gilbertek zizelkatutako estatua bat dago, John Dalton irudikatzen duen beste baten aurrez aurre, herriko etxearen kanpoaldean. Westminsterreko abadiaren koruan monumentu bat dago Jouleren omenez, nahiz eta ez dagoen han lurperatuta, biografia batzuetan irakur daitekeen bezala.[38]
Worthingtongo parkean, brontzez estalitako buztinezko Jouleren busto bat dago, zientzialariaren irudia. John Cassidy eskultoreak egin zuen, 1905ean. Proiektua finantzatu zen, hein batean, mundu osoko zientzialariek egindako dohaintzez. Bustoak Joule aurkezten du eskutan liburu zientifiko bat duela, non antzematen baita galvanometro baten marrazkia.[5][6]
Ilargiaren alde ezkutuan, krater batek Joule izena dauka.[39] Baita ere, bararen izena zeraman Joule frantziar itsaspekoak, Dardaneloetan hondoratu zena 1915ean.[40]
Garagardogintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Benjamin anaiarekin batera, James Prescott Joule arduratu zen aitona Williamek hiru hamarkada lehenago Salforden sortu zuen garagardo lantegiaz.[41] Biografo batzuek diote Joule ez zela gehiegi inplikatu garagardotegiaren kudeaketan; beste batzuek, berriz, alderantziz: Joulek interes eta ardura handia hartu zuela garagardotegiko prozesu tekniko, fisiko eta kimikoak hobetzeko. Hori ongi frogatuta dago Lord Kelvinekin izan zuen posta harremanetan. Garagardoa fabrikatzeko prozesuan gasaren sorkuntza izan omen zen Joule-Thomson efektua aurkitzeko ikerketen abiapuntua. Aita gaixotu eta anaia kanpora joan zelarik, garagardotegiko alderdi tekniko eta komertzialetan buru-belarri sartu behar izan zuen Joulek. 1855ean saldu zuen garagardotegia, aita hil baino urte gutxi batzuk lehenago, bere zientzia esperimentuetan arreta osoa jartzeko.[42]
Jouleren lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- --. (1841). «On the Heat evolved by Metallic Conductors of Electricity, and in the Cells of a Battery during Electrolysis» Philosophical Magazine 19: 260-277. doi: ..
- --. (1843). «On the calorific effects of magneto-electricity, and on the mechanical value of heat» Philosophical Magazine 23:154: 435-443. doi: ..
- --. (1845). «On the changes of temperature produced by the rarefaction and condensation of air» Philosophical Magazine 26:174: 369-383. doi: ..
- --. (1845). On the Mechanical Equivalent of Heat. , British Association erakundearen aurrean irakurria, Cambridgen. or..
- --. (1845). «On the existence of an equivalent relation between heat and the ordinary forms of mechanical power» Philosophical Magazine 27:179: 205-207. doi: ..
- --. (1850). «On the mechanical equivalent of heat» Philosophical Transactions 140: 61-82. doi: ..
- --. (1851). «On the changes of temperature produced by the rarefaction and condensation of air» Proceedings of the Royal Society of London 5: 517-518. doi: ..
- --. (1884). The scientific papers of James Prescott Joule. London: Physical Society (www.archive.org) OCLC .19939268.
- --. (1887). Joint Scientific Papers. London: The Physical Society of London (Taylor and Francis).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Asimov, Isaac; Varela Ortega, Consuelo; Díaz Calero, Federico. (1983). Enciclopedia biográfica de ciencia y tecnología: la vida y la obra de 1197 grandes científicos desde la antigüedad hasta nuestros días. Madril: Alianza OCLC .1123296308.
- ↑ (Ingelesez) «James Joule» Magnet Academy (web.archive.org) 2023-04-18 (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- ↑ a b (Katalanez) «James Prescott Joule» enciclopedia.cat (web.archive.org) 2023-02-05 (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- ↑ (Alemanez) Simonyi, Károly. (1990). Kulturgeschichte der Physik. Thun: H. Deutsch, 368. or. ISBN 978-3871446894. OCLC .25966573.
- ↑ a b (Ingelesez) «James Prescott Joule» John Cassidy - Sculptor (web.archive.org) 2023-04-15 (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- ↑ a b (Ingelesez) Hulme, Charlie. (2012). «James Prescott Joule» John Cassidy - Sculptor (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- ↑ a b c d Smith 2004.
- ↑ a b c d e f g h i j Tetley Glazebrook 2011.
- ↑ (Ingelesez) Joule, James Prescott. (1841-10). «XXXVIII. On the heat evolved by metallic conductors of electricity, and in the cells of a battery during electrolysis» The London, Edinburgh, and Dublin Philosophical Magazine and Journal of Science 19 (124): 260–277. doi: . ISSN 1941-5966. (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- ↑ Smith 1998.
- ↑ William Robert Grovek 1844an formulatu zuen energiaren kontserbazioari buruzko lehen azalpen orokor bat. Ikus Willian Robert Grove (Britannica).
- ↑ (Ingelesez) «Joule, James Prescott (1818–1889), physicist» Oxford Dictionary of National Biography doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- ↑ m masa bat h garaiera batera altxatzeko behar den energia mgh da, non g den grabitate estandarra. Jouleren unitatea dimentsioaren aldetik zuzena da interpretatzen bada com a oin-libra indar gisa. Nazioarteko Unitate Sistemaren unitateak erabiltzen direnean, energia hori joule eponimoaren bitartez adierazten da: oin-libra 1 = 1,356 J.
- ↑ (Ingelesez) Davis, E. A.. (1995). Science in the making: scientific development as chronicled by historic papers in The Philosophical Magazine. London: Taylor & Francis ISBN 978-0203482179..
- ↑ (Ingelesez) Joule, James Prescott. (1845). «On the Changes of Temperature Produced by the Rarefaction and Condensation of Air» Philosophical Magazine, Series 3 (Harper) 26: 369. or. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
- ↑ (Ingelesez) Johnston, Roy H W. (1983). «British Association Meetings in Ireland» Crane Bag, Forum Issue (web.archive.org) 7. bol., 2. zk., ISSN 0332-060X. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
- ↑ (Ingelesez) Joule, James Prescott. (1845). «On the Changes of Temperature Produced by the Rarefaction and Condensation of Air» Philosophical Magazine, Series 3 (Harper) 26: 172. or. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
- ↑ (Ingelesez) «ChemTeam: Joule on Mechanical Equiv. of Heat» web.archive.org 2004-04-06 (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
- ↑ (Ingelesez) Joule, James Prescott. (1850). «On the mechanical equivalent of heat» Philosophical Transactions of the Royal Society of London 140 doi: . ISSN 0261-0523. (Noiz kontsultatua: 2024-01-30).
- ↑ Sibum 1995.
- ↑ (Ingelesez) «Report of the Council, April, 1888, with obituary notices of Charles Moseley and John Benjamin Dancer» Memoirs and Proceedings of the Manchester Literary & Philosophical Society (Manchester: The Society): 149-153. 1888 (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
- ↑ (Alemanez) Mayer, J. R.. (1842-01). «Bemerkungen über die Kräfte der unbelebten Natur» Justus Liebigs Annalen der Chemie 42 (2): 233–240. doi: . ISSN 0075-4617. (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
- ↑ (Ingelesez) Helmholtz, H.. (1847). «On the Conservation of Force ; a Physical Memoir» Scientific Memoirs, Selected from the Transactions of Foreign Academies of Science, and from Foreign Journals. Natural Philosophy: 114-162. (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
- ↑ (Gaztelaniaz) Blázquez Morales, Luis Fernando. «Grandes Inventores - William Thomsoin» Museo Virtual - Oficina Española de Patentes y Marcas (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
- ↑ (Ingelesez) Przegiętka, Katarzyna. «Biography: James Prescott Joule» Storytelling Teaching Mode - European Union, Education and Culture DG (www.archive.org).
- ↑ (Ingelesez) Thomson, William, ed. (1882). «On an Absolute Thermometric Scale Founded on Carnot's Theory of the Motive Power of Heat, and Calculated from Regnault's Observations» Mathematical and Physical Papers (Cambridge University Press) 1: 100–106. doi: . ISBN 978-1108028981. (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Ingelesez) Boer, Reint de. (2012-12-06). Theory of Porous Media: Highlights in Historical Development and Current State. Springer Science & Business Media, 177. or or. ISBN 978-3-642-59637-7. (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Ingelesez) Clausius, R.. (1851-07). «I. On the moving force of heat, and the laws regarding the nature of heat itself which are deducible therefrom» The London, Edinburgh, and Dublin Philosophical Magazine and Journal of Science 2 (8): 1–21. doi: . ISSN 1941-5982. (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Frantsesez) Heering, Peter. «Une collaboration scientifique : James Prescott Joule, William Thomson et l'équivalent mécanique de la chaleur» Storytelling Teaching Model - European Union, Education and Culture DG (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ Fishbane, Paul M.. (2017). Fisika zientzialari eta ingeniarientzat. Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 978-8490826621. OCLC .1343082399.
- ↑ Young, John. (2015-04-13). «Heat, work and subtle fluids: a commentary on Joule (1850) ‘On the mechanical equivalent of heat’» Philosophical Transactions (Oxford University Press) 373. bol., 2039. zk. ISSN 1471-2962. (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Ingelesez) OpenStax University Physics. (2022-02-01). Moment of Inertia and Rotational Kinetic Energy. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Ingelesez) «Deaths Dec 1889 - Joule James Prescott» FreeBMD Entry Info (web.archive.org) 2024-02-01 (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Ingelesez) «William Prescott Joule, Physicist» web.archive.org 2008-08-07 (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Ingelesez) «Popular Science Monthly/Volume 5/May 1874/Sketch of James P. Joule, F.R.S.» Wikisource (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
- ↑ (Ingelesez) «Honorary Fellows» Institution of Engineers in Scotland (web.archive.org) 2021-02-28 (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
- ↑ (Ingelesez) «Joule Library closure and ID Manchester» The University of Manchester (web.archive.org) 2022-08-17 (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
- ↑ (Ingelesez) Reynolds, Osborne. (2011-06-30). Memoir of James Prescott Joule. Cambridge University Press ISBN 978-1-108-02880-6. (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
- ↑ (Ingelesez) International Astronomical Union (IAU), Working Group for Planetary System Nomenclature (WGPSN). (2010-10-18). «Planetary Names: Crater, craters: Joule on Moon» Gazetteer of Planetary Nomenclature (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
- ↑ (Ingelesez) Cardwell, Donald Stephen Lowell. (1989). James Joule: A Biography. Manchester University Press ISBN 978-0-7190-3025-3. (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
- ↑ (Ingelesez) «Our Story» Joules Brewery (web.archive.org) 2023-11-29 (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
- ↑ (Ingelesez) Gall, Alan. (2023-10-23). «James Joule – Brewer and Man of Science» Brewery History, 115 (web.archive.org): 2-6. (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Sibum, Heinz Otto. (1995). «Reworking the mechanical value of heat: instruments of precision and gestures of accuracy in early Victorian England Studies» History and Philosophy of Science 26: 73-106. doi: ..
- (Ingelesez) Smith, Crosbie. (1998). The science of energy: a cultural history of energy physics in Victorian Britain. Chicago: University of Chicago Press ISBN 978-0226764207..
- (Ingelesez) Smith, Crosbie. (2004). Oxford Dictionary of National Biography. Oxford University Press doi: ..
- (Ingelesez) Tetley Glazebrook, Richard. (2011). Dictionary of National Biography, 1885-1900 / Joule, James Prescott. Wikisource.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- James Prescott Joule (1887) Joint Scientific Papers. London: The Physical Society, Taylor and Francis (Jouleren eskuzko oharkizunekin).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: James Prescott Joule |